Kategoriaren artxiboak: Sailkatugabeak

Ustez eta askok ahantzia izango duten…

Errepara dieaziogun Hiztegi Batuko uste sarreraren ustez eta azpisarrerari:

ustez eta: hiri handietara doaz, ustez eta han jaun handi izango direla; ustez eta laster irekiko zuten, beha egon gara.

Ez da arrotza hiztun askorentzat, baina uste dut beste hainbatek ahantzia edo ikasi gabea izango dutela… edo jakinda ere ez dutela erabiliko, ustez eta baliabide hori ez dela aski egokia prosa estandarrerako.

Ikusten denez, -ela nahiz -n perpausak har ditzake.

Adibide gehiago, Orotariko Euskal Hiztegian, jakina.

Gaurko datarekin, gaur

Egoki erabilia izan daiteke euskaraz «gaurko egunarekin», honelakoetan: «Gaurko egunarekin jaio zen, duela 71 urte, Aretha Franklin». Baina hemen daukagun «gaurko datarekin» hau ez da gauza bera:

  • Lurralde Antolaketako zuzendari nagusiak, 2013ko abenduaren 27ko datarekin ondoren argitaratzen den Ebazpena hartu zuen:
  • El Director General de Ordenación Territorial, ha dictado con fecha 27 de diciembre de 2013 la Resolución que a continuación se publica:

Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 2014-01-13

Gaztelaniazko formulak ez gaitu behartzen euskaraz halaxe kalkatzera. «2013ko abenduaren 27an» esatea dugu egokiena (eta, esaldi horretan, bigarren koma jartzea).