D

data, eguna. |1| Gaztelaniazko fecha guztiak ez dago zertan data eman euskaraz; izan daitezke egun ere. |2| Erlatiboaren eta zehar-galderaren arteko jokoa ere sarri balia daiteke itzultzeko orduan: «fecha en la que se envió la solicitud» — «zer egunetan bidali zen eskaera».

datu-babesa. Hona EAEko Terminologia Batzordearen Datu-babesaren hiztegia (2010). Hiztegiaren iturri nagusia Espainiako lege baten itzulpena da (IVAPen itzulpena): 15/1999 Legea, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa. Testua eskuratu daiteke Euskal Legezalea webgunean ere (Espainiako Erreinuko araudia –> Administrazio Zuzenbidea).

datza (plurala, dautza, ez *datzate). Erabiltzen den zenbait kasutan, normalagoa da (eta josten errazago ere bai) da arrunta: «Udalaren Kiroletako Zerbitzuaren xede nagusia herritar orori kirola praktikan jartzeko aukera ematean datza».

delitu ekologiko, ingurumenaren aurkako delitu. Euskaltermen, delitu ekologiko (Ingurumen Hiztegia) eta ingurumenaren aurkako delitu. Eurovocen, delitu ekologiko eta ingurumen-delitu [delito ecológico, environmental offence, délit environnemental, delitto contro l'ambiente, delito ambiental].

desberdintasun, diferentzia, desparekotasun? Bereizkuntza lexiko (zenbaitetan terminologiko) baten premia plazaratu dute 2013an, 31 eskutik blogean, Bego Montoriok eta Maite Imazek: nekez adieraz daitekeela desberdintasun hitz bakarrarekin gaztelaniaz diferencia eta desigualdad hitzekin edo frantsesez difference eta inègalité hitzekin adierazten diren kontzeptu biak. Hots, hitz banaren premia dagoela bi ideia hauek adierazteko: ‘bestelakotasun zerbait izatea’ eta ‘zerbaitetan pareko ez izatea’. Montorio eta Imaz premia edo kokaleku banatatik abiatu dira gaiari heltzeko: Montoriok itzulpengintzan ari dela sentitutako arazo moduan plazaratu du; Imazek, berriz, Emakundek IZOko Terminologia Atalari eskatutako irtenbide bat eman beharretik abiaturik. Montorioren adibideak: «Gizon eta emakumeen artean, herrien artean, kulturen artean, badira desberdintasunak, eta aberasgarria da hori; zorionez, askotarikoak gara». «Baina, gizon eta emakumeen artean, herrien artean, kulturen artean, gainditu beharreko desberdintasun latzak daude». Genero-berdintasunari dagokiolarik ere maiz agertzen da bigarren ideia hori. Montoriok honela zioen: «Testuinguruak gauza asko argitzen ditu, jakina, baina, testuinguruak testuinguru, ez al da hobe adierazi nahi duguna argi adieraztea? «Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunei buruzko ikerketa» irakurtzen badugu, zelan jakingo dugu zertaz ari den?; ikertzaileak mediku, antropologo edo soziologoak diren erreparatuta? Hiztegiek bestela esan arren, nik adiera bakarrerako utzi dut desberdintasun hitza. Ez dakit irtenbide egokiena den, baina bereizketa nahitaez egin beharra dut, itzultzerakoan, idazterakoan eta hitz egiterakoan. Desberdintasuna maite dudala diodanean, denek uler dezaten zer esaten ari naizen». Bi hitzen premia duenari bi irtenbide proposatu zaizkio hilabete hauetan: Elhuyar Hiztegian, desparekotasun sartu da desigualdad  adierazteko aukeren artean, desberdintasun/desparekotasun bereizteko aukera izan dadin; IZOk, berriz diferentzia/desberdintasun bereizkuntza proposatu du (desberdintasun hitza adiera arruntetik baztertuz, nolabait).

desjabetze. Hiztegi Batuaren bigarren itzulian, lantaldearen oharra: «[desjabetze] forma berria da, lantaldeak desjabetzapen-en ordez proposatzen duena, egokiagoa delakoan, eta bakarra aski delakoan».

diputatu nagusi, ahaldun nagusi. |1|Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundietako buruei diputatu nagusi deritze euskaraz erakundeon testugintzan. Bizkaiko Foru Aldundikoari, berriz, ahaldun nagusi. |2| «Kulturako diputatu» (ez «Kultura diputatu»), «Kiroletako diputatu» (ez «Kirol diputatu») proposatzen da EIMAren estilo-liburuan (Letra larriak erabiltzeko irizpideak).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

Aldizkari ofizialak eta beste irakurtzen eta iruzkintzen