Urte

A. «Bost urteko haurra» (bost *urtetako) [Euskaltzaindiaren 34. araua].  «Bost urteko epea du proiektua bukatzeko». «Bost urteko ardoa da hau» (bost *urtetako). Besterik dira «Bost urtetako ardoak ditut sotoan» (2008, 2009…) eta «Azken bost urteetako ardoak onak dira».

B. «Hiru urtean bizi izan nintzen Parisen» [Euskaltzaindiaren 110. arauak hobetsia, «hiru urtetan» formaren aldean, denbora jarraitua adierazteko. Epe jarraitua ez den kasuetan, «hiru urtetan» erabili behar da; esate baterako, «Hiru urtetan izan naiz herriko jaietan»].

C. Maiztasuna adierazteko, «urtero»… baina inola ere ez «bi urtero» modukorik; bai, jakina, «bi urtean behin», «bi urterik behin», «bi urtetik behin», «bi urtez behin», «bi urtetik bi urtera» [Euskaltzaindiaren 110. araua].

D. «Urtetan ez dut ikusi!». Gehienen ustez, esapide horretan mugagabean deklinatua doa urte hitza, eta forma hori dagokio beraz, nahiz hizkeraren batean «urtietan» esateak batzuei pentsarazi dien «urteetan» plurala dagoela hor.

E. Urteak zenbakiz idaztean, ez da punturik: 2016.

F. Bada biurteko hitza ere: biurteko iz. Sin. bienal (Hiztegi Batua). Gogoratzekoa da (Fundeuk hemen dioen bezala) gaztelaniaz ez direla gauza bera bienal (bi urtean behin gertatzen dena) eta bianual (urtean bitan gertatzen dena).

G. Dirudienez, «hamar urteko» eta «hemendik hamar urtera» formak arautzeak (lehenbiziko kasuan) eta normalizatzeak (bigarren kasuan, araurik ez izanda ere) askori pentsarazi die «zer/zein urtetako» eta «edozein urtetako» moduko mugagabe arruntetan ere -ko soila erabil daitekeela: «zer/zein *urteko» eta «edozein *urteko»…. Gogorarazi eta azpimarratu beharra dago hor jarri ditugun forma horiek bakarrik direla zuzenak, eta halaber «zer/zein urtetan», «edozein urtetan» eta abar (eta, jakina, «zer tokitan», «edozein lekutan» eta abar).

H. Entzun izan ditugu «Urtero okerrago gabiltza» moduko esaldi desegokiak ere. Itxura denez, gaztelaniaz cada esaten den hori euskarazko -ero desegoki batera aldatzen dute zenbaitek. Euskaraz urtetik urtera egituraren bidez adierazi ohi baita hori: «Urtetik urtera okerrago gabiltza». Badira «urtean baino urtean -ago» modukoak ere (OEH, urtean baino urtean azpisarrera). «Urtean baino urtean okerrago gabiltza» litzateke eredu horretan.

I. Ez da egokia, nahiz azken bolada honetan izugarri zabadu den, «bi mila hamaseian gaude» esatea: «bi mila eta hamaseian gaude» da adierazpide egokia. Ez da egokia, halaber, «mila berrehun euro kosta zait» esatea: «mila eta berrehun euro kosta zait» da egokia.

Gai oso polit bat

Uste zabaldu samarra bide da «oso gai polita» dela forma egoki bakarra, eta, beraz, «gai oso polita» ordena desegokia dela, adibidez. Gramatika-lanetan eta ikasmaterialetan, lehena bakarrik aipatzen da gehienetan.

Orotariko Euskal Hiztegian, ordea, hainbat eta hainbat adibide aurki ditzakegu bigarren erakoak:

  • Andra oso garbixa eta zintzua arek artu dabena” Etxba Eib.
  • Gizon oso ona zen (V-gip)” Gte Erd 247.
  • Gelditu zen ekuste oso garbiarekin. Mb IArg II 311.
  • Biztu bear dogu amore oso eragingille bat. Añ LoraS 53.
  • Ordu oso luzeak igaro bear izaten zituen. Arr GB 67.
  • Lo nengoala agertu zitzaidan aingeru oso eder bat. Urruz Zer 15.
  • Nobelista oso gaizto bat zan au. Inza Azalp 131.
  • Baketsua da ta azikera oso onekua. Kk Ab II 101.
  • Bijotz orretan aspaldiz dauko / bere obi oso illuna. Laux BBa 48.
  • Bizikera edo gogo-lantze oso berezi eta bakarreko bat zerabilten. JMB ELG 24.
  • Lur oso karetsua ez du ain gogokoa. Munita 79.
  • Gizon oso jakitun bat zen hau. Mde Pr 135.
  • Ideia oso jenerala eta abstraktua da ori. Vill Jaink 165.
  • Belar oso usaitsua, zanpatuz urrin goxoa zeriona. Ibiñ Virgil 47n.
  • Momentu oso larriyak. Lopategi in Uzt Noiz 51.

Pixka bat aztertzen baditugu egiturak, zenbait ondorio atera dezakegu:

1. Izenaz eta adjektiboarekin artikuluaz bestelako determinatzaileren bat ageri denean, nahitaezkoa dirudi oso tartean sartzea. Ohart gaitezen, esaterako, hala gertatzen dela goiko adibideetan bat ageri den guztietan, edo bere ageri den horretan):

(?) oso aingeru eder bat
aingeru oso eder bat

(?) oso nobelista gaizto bat
nobelista oso gaizto bat

(?) bere oso hobi iluna?
bere hobi oso iluna

2. Oso tartean sartzea eragiten duten faktoreetako bat izan liteke izenaren luzera edo konplexutasuna ere, OEHko adibide horietako batek erakusten duenez:

(?) oso bizikera edo gogo-lantze berezi eta bakarreko bat
bizikera edo gogo-lantze oso berezi eta bakarreko bat

Ereduzko Prosa Gaurera jotzen badugu adibide bila, hor ere aurkituko ditugu adibideak, jakina. Ikus Juan Luis Zabalaren eta Josu Zabaletaren adibide bana:

  • Ez dirudi, ordea, obra hori merezi bezain ezaguna eta komeni bezain erabilia denik, behintzat profesional eta ikertzaile multzo ez oso zabal batetik kanpo (Berria, 2005-11-18).
  • Bi begien ikuseremu osoan gertatzen da, bai makilekin bai konoekin, eta sakontasunari buruzko informazio baliagarria ematen du begitik 100-120 metrorainoko distantzian; zeharbidez espazioari buruzko informazio bat ere ematen du: “erliebean” ikusten ez dena (igeltsuzko horma oso leun bat, adibidez) plano ikusiko da. (Irudia, Jacques Aumont / Josu Zabaleta, EHU, 2004).

Terminologian ere aurkitzen dugu, zenbait graduazio estandarrekin. Adibidez, faltak:

  • falta arina
  • falta astuna
  • falta oso astuna

Zu salbu, salbu zu

Hiztegi Batura jotzen badugu, berehala ohartuko gara salbu adizlaguna berdin joan daitekeela zerbaiten ondotik («zu salbu») nahiz aurretik («salbu zu»).

salbu adlag.: fededun guztiak, salbu zaharrak eta eriak; horiekin denekin, hasi berri diren zenbaitekin salbu, kantatu dut askotan.

Kokapen-aukeren aldetik, beraz, ez dira berdinak salbu eta izan ezik, bigarren horrek atzetik joan behar baitu beti.

* * *

Gure ustez salbu eta erabiltzea ia ezinbesteko den kasu bat, aldizkari ofizial batetik:

Epaimahaikideak errekusatzeko epea hilabetekoa izango da, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita (lehiaketaren deialdian bertan argitaratua), interesdunak errekusazio arrazoia, edo besteren bat, gerora jakin duela egiaztatzen duenean izan ezik.

«…salbu eta interesdunak egiaztatzen duenean gerora jakin duela errekusatzeko arrazoia edo besteren bat».