Koma susmagarri bat

Esaldiaren elementuak desegoki antolatu diren seinale izaten da, maiz, komak leku desegokian jartzea. Kasu honetan, komak subjektua eta predikatua bereizten ditu (beti esaten da ezin direla koma batez bereizi, salbuespen berezi batzuetan salbu; oso bestelako kontua da, aski arrunta, bi komaren arteko tarteki batez bereiztea).

Etxe­bizi­tzari uko egiteak, etxe­bizi­tza babestuko eska­tzaileen erregistroan (Etxe­bide) baja ematea ekarriko du, araudiak ezarritako kasuetan izan ezik. Goian aipaturiko epean ez bada berariazko onarpena aurkezten, esleipenari uko egin diotela ulertuko da.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikak saila (GAO, 2013-12-02)

Proba dezagun beste modu batzuetan:

Etxe­bizi­tzari uko egiteak berekin ekarriko du baja ematea etxe­bizi­tza babestuko eska­tzaileen erregistroan (Etxe­bide), araudiak ezarritako kasuetan izan ezik. Uko egin zaiola ulertuko da ez bada berariazko onarpena aurkezten goian aipaturiko epean.

Etxe­bizi­tzari uko eginez gero, eskatzaileari baja emango zaio etxe­bizi­tza babestuko eska­tzaileen erregistroan (Etxe­bide), araudiak ezarritako kasuetan izan ezik. Uko egin zaiola ulertuko da ez bada berariazko onarpena aurkezten goian aipaturiko epean.