Biharamuna

Gaur, urtarrilaren 7a, «Errege biharamuna» dela esango du hainbatek, eta halaxe irakur daiteke Goienako albiste honetan ere:

Debagoienean eta Euskal Autonomia Erkidegoan, betidanik Errege biharamunean hasten ziren neguko beherapenak.

Beste molde tipiko bat «aditz-partizipioa + biharamun» da, Ereduzko Prosa Gaur corpuseko adibide hauetan ageri dena:

Beste gela batean, berriz, ez zegoen inolako altzaririk, nahiz ezkondu eta biharamunean emazteari esan zion: “Laztana, bihar bertan egin beharrekoak egin behar ditugu gela hau altzariz hornitzeko, behin-behineko besterik ez bada ere” (Arima hilak, Nikolai Gogol / Jose Morales, Ibaizabal, 1998).

Azken honek ustezko mandataria iritsi eta biharamunean bertan jo zuen gobernadore nagusiaren jauregira, Ivan Ogareffekin berba egitera. (Mikel Strogoff, Jules Verne / Karlos Zabala, Ibaizabal, 2002)

Neure eder horren erantzuna hartu dut nik ere, heldu eta biharamunean izkiriatu bainion. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de Laclos / Jon Muñoz, Ibaizabal, 1997)

Alemanek preso hartu zuten, bertze soldaduekin batean, Frantziak gerla galdu eta biharamunean berean. (Anbroxio, Eneko Bidegain, Elkar, 2002)
Arribatu eta biharamunean berean egin genuen ateraldia, Boussemghoum herriaren gaineko mendietan, oroit naiz arras xuxen. (Azken apeza, Piarres Aintziart, Elkar, 2005)

Aditzarekiko egitura hori lotua da –«iritsi eta gero» eta halakoen moduan–, eta ez dagokio koma jartzea aditzaren ondoan:

? Foru dekretu hau «Bizkaiko Aldizkari Ofizialean» argitaratu, eta biharamunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskabideak. (BAO, 2014-01-07)

Foru dekretu hau «Bizkaiko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta biharamunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

Agintzen eta sinatzen dut

Bi esaldi-modu hauetatik, zein ote dugu oro har hobestekoa? Edo bietara berdin ote da?

  • Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.
  • Eta epai honen bidez erabakitzen, agintzen eta sinatzen dut.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 2013-12-04

Aspektua berdinduz gero (bigarren aukeran), zalantza gutxiago sortzen da, oro har, eta lehenago jabetzen gara esanahiaz. Iñigo Roquek aukera hori aldeztu zuen 2tzuLeko artikulu honetan: Partizipioa ala aditz-izena (2010eko abendua).

Azken batean, zentzuak eta logikak ere bide hori gomendatzen dute, ulermenaren mesedetan. Batez ere, lotura posible bat baino gehiago dagoenean. Ikus dezagun hitzarmen kolektibo baten pasarte bat, aldizkari ofizialean argitaratuta (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, GAO, 2014-01-02):

ERABAKI DUT:
Lehenegoa.
Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu
eta gordailu egiteko agintzea eta aldeei jakinaraztea.

Zer esan nahi du:

a) inskribatzea eta jakinaraztea
b) inskribatzeko eta gordailutzeko agintzea eta jakinaraztea

Bada, argitaratu den moduan, irakurleak lan egin behar eta ondorioak atera (logikoena zer den pentsatu behar). Aurrreztu lekiooke lan hori irakurleari (aurreztu egin behar zaio), b) aukera eginda.

Akatsak atzeman egin behar dira

Nahaste tipiko bat gertatzen da atzeman eta antzeman hitzen artean. Beharbada, forma oso antzekoak izateaz gain, ukipen-puntu bat ere badutelako esanahian.

Erregimen bana dute, ordea, bi aditz horiek: «(zerbait) atzeman dut» / «(zerbaiti) antzeman diot». Hona Hiztegi Batuko informazioa:

atzeman, atzematen. du ad.

antzeman, antzematen. dio ad.: antzeman diot ez dela hemengoa. (ezezkoetan, ez diot antzik eman eta ez diot antzeman, biak onartzen ditu).

Moldatu beharra da, beraz, esaldi hau:

*Aka­tsak antze­man direnez (…) iragarkian…

Aka­tsak atze­man direnez (…) iragarkian…

Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 2013-12-02

Koma susmagarri bat

Esaldiaren elementuak desegoki antolatu diren seinale izaten da, maiz, komak leku desegokian jartzea. Kasu honetan, komak subjektua eta predikatua bereizten ditu (beti esaten da ezin direla koma batez bereizi, salbuespen berezi batzuetan salbu; oso bestelako kontua da, aski arrunta, bi komaren arteko tarteki batez bereiztea).

Etxe­bizi­tzari uko egiteak, etxe­bizi­tza babestuko eska­tzaileen erregistroan (Etxe­bide) baja ematea ekarriko du, araudiak ezarritako kasuetan izan ezik. Goian aipaturiko epean ez bada berariazko onarpena aurkezten, esleipenari uko egin diotela ulertuko da.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikak saila (GAO, 2013-12-02)

Proba dezagun beste modu batzuetan:

Etxe­bizi­tzari uko egiteak berekin ekarriko du baja ematea etxe­bizi­tza babestuko eska­tzaileen erregistroan (Etxe­bide), araudiak ezarritako kasuetan izan ezik. Uko egin zaiola ulertuko da ez bada berariazko onarpena aurkezten goian aipaturiko epean.

Etxe­bizi­tzari uko eginez gero, eskatzaileari baja emango zaio etxe­bizi­tza babestuko eska­tzaileen erregistroan (Etxe­bide), araudiak ezarritako kasuetan izan ezik. Uko egin zaiola ulertuko da ez bada berariazko onarpena aurkezten goian aipaturiko epean.

 

Aldizkari ofizialak eta beste irakurtzen eta iruzkintzen