Esaldiaren elementuak desegoki antolatu diren seinale izaten da, maiz, komak leku desegokian jartzea. Kasu honetan, komak subjektua eta predikatua bereizten ditu (beti esaten da ezin direla koma batez bereizi, salbuespen berezi batzuetan salbu; oso bestelako kontua da, aski arrunta, bi komaren arteko tarteki batez bereiztea).
Etxebizitzari uko egiteak, etxebizitza babestuko eskatzaileen erregistroan (Etxebide) baja ematea ekarriko du, araudiak ezarritako kasuetan izan ezik. Goian aipaturiko epean ez bada berariazko onarpena aurkezten, esleipenari uko egin diotela ulertuko da.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikak saila (GAO, 2013-12-02)
Proba dezagun beste modu batzuetan:
Etxebizitzari uko egiteak berekin ekarriko du baja ematea etxebizitza babestuko eskatzaileen erregistroan (Etxebide), araudiak ezarritako kasuetan izan ezik. Uko egin zaiola ulertuko da ez bada berariazko onarpena aurkezten goian aipaturiko epean.
Etxebizitzari uko eginez gero, eskatzaileari baja emango zaio etxebizitza babestuko eskatzaileen erregistroan (Etxebide), araudiak ezarritako kasuetan izan ezik. Uko egin zaiola ulertuko da ez bada berariazko onarpena aurkezten goian aipaturiko epean.