Gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean «2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena».
Idazteko moduari begiratzen baitiogu hemen, ohargarri iruditu zait hitzaurrearen lehenbiziko paragrafoa bera, erakusten baitu esaldi luzeak egin daitezkeela euskaraz ere, ongi antolatzen badira. Ez dugu esango esaldi luzeak egitera jo behar dela beti, jakina, baina askotan ez da luzetasuna izaten irakurtzeko eragozpen nagusia, antolamendu txarra baizik. Hitz egingo dugu testu-antolatzaileez eta bestez. Hona, bada lehen paragrafo hori:
Hamabost urte baino gehiago bete direnean Sozietateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Araua indarrean jarri zenetik, hura osorik berritzeko prozesuari ekin beharra dago, ordutik oso bilakaera garrantzitsua izan dutelako nazioarteko Zerga Zuzenbideak eta gertaleku ekonomiko eta sozialak berak, bai Gipuzkoako Lurralde Historikoan zein Euskal Autonomia Erkidego osoan, Espainiako Estatuan nahiz Europar Batasunean, eremu zabalagoak ez aipatzeagatik. Gauza asko gertatu dira –besteak beste ekonomiaren globalizazioa edo Europar Batasuneko Zuzenbidearen bilakaera bera eta horrek enpresen zuzeneko fiskalitatean izandako eragina– ezinbestez eskatzen dutenak Zergaren erabateko erreformarako prozesuari ekitea, eta horretarako egin da honako foru–arauaren proposamena.
Lehenbiziko paragrafoa da hori. Gaztelaniazkoa, parean, hori bai luzea. Askok esango genuke gehiegizkoa dela, paragrafo osoa esaldi bakarrean, baina horretan ez gara sartuko gaur.
Gogora etorri zaizkit Jesus Mari Agirrek 31 eskutiken idatzitako Estilo jarraituaren alde artikulua eta izan zituen erantzunak.