zehapen, zigor. 30/1992 Legearen euskal testuak zehapen, zehapen-prozedura eta halakoak darabiltza etengabe, zuzenbidearen arloan bereizi egiten baitira zehapen eta zigor (gaztelaniaz, sanción eta pena). Gerta daiteke, hori bai, bat bestearen azalpenerako erabiltzea, Euskaltermeko fitxa batean ageri denez (Hiztegi terminologikoa, 1999): zehapen penal, sin. zigor (es: sanción penal). Euskaltermeko beste sarrera batzuk: diru-zehapen (sanción pecuniaria), diziplina-zehapen (sanción disciplinaria), zehatzeko araubide sin. zehapen-araubide (es: régimen sancionador). Hiztegi Batuan sartua da zehapen: «zehapen iz. Zuz.». Eta erabilia da Deustuko Unibertsitatearen, EHUren nahiz IVAP lege-itzulpenetan. Bereziki garrantzitsua, aipatu dugun bezala, 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena.
zenbat, zenbateko. Hona zer dioen EIMAren estilo-liburuak Ortotipografia atalean (43.-44. orrialdeak). «Euskaraz, zenbat hitza erabiltzen da neurriak-eta galdetzeko; baita -(e)ko atzizkia erantsita sortutako zenbateko izenlaguna ere. Lehenengoaren erabilera, oinarrizko zenbat soilarena, tradizio handikoa dugu; baina, gaur egungo testuak ikusita, ematen du zenbateko besterik ez dugula aukeran, hartaraino ari baita baztertzen zenbat erro soilari dagokion moldea». Hona adibide bat, bi aukeren erakusgarri: Zenbat da karratu horren azalera, alde bakoitzak bi metro baditu? | Zenbateko azalera du karratu horrek, alde bakoitza 2 m-koa badu? Eta pasartearen amaiera, adibide honen haritik: «Zenbat da aurrekontua? Aurrekontua 1.000 € da/dira. Mila euroren aurrekontua. Azken adibideko molde horren ordez (zer aurrekontu), zenbateko ere erabiltzen da sarri. Onargarria da, aldeak alde; baina zenbateko izenlaguna den kasuan. Bestela, zenbat erabiltzea da egokiena. Beraz, hobe da azken adibide horretako moldea erabiltzea (“Zenbat da aurrekontua? Aurrekontua 1.000 euro dira”) eta ez “Zenbatekoa da aurrekontua? Aurrekontua 1.000 eurokoa da”».
zuriune banaezin. Hitzak dioen bezala, zuriunea, baina alde bietan dituen zeinuak elkarrik loturik baleude bezala hartzen dituena (Word-en, Ctrl+May+zuriunea). Beharrezkoa da zenbait kasutan, ez dadin zeinu bat lerro baten bukaeran agertu eta bestea hurrengo lerroaren hasieran: ehuneko-zeinuaren eta zenbakiaren artean (euskaraz, % 5; gaztelaniaz, 5 %), zenbakiaren eta unitatearen artean (16 m, 500 €), zenbait produktu-izenetan (Windows 97)…