siglak. «Sigla eta akronimo batzuk izen berezien ordezkoak izan ohi dira, eta haiek bezala deklinatzen dira. UPNk atzo aurkeztu zuen lege zuzenketa. NBEren erabakiak ika-mika piztu du. Beste batzuk izen arrunten ordezkoak dira, eta haiek bezala deklinatzen dira; beraz, artikulua hartzen dute. GKEak laguntzeko prest daude. Sekulakoa da BEZari loturiko iruzurra». Berriaren estilo-liburua (57. or.). Liburuko sigla-zerrendara joanez gero (187.-195. orriak), ikus daiteke zeinek duten azalpena letra xehez eta, beraz, “izen arrunten ordezko” jo behar diren; hots, zeinek hartuko duten artikulua deklinabidean. Hona batzuk: AHT, abiadura handiko trena; BEZ, balio erantsiaren gaineko zerga; DNA, azido desoxirribonukleikoa; DVD, disko aldagarri digitala; ETE, enpresa txiki eta ertaina (*PYME); GPS, kokatze sistema orokorra; JEZ, jarduera ekonomikoen gaineko zerga; KPI, kontsumo prezioen indizea; LTD, lurreko telebista digitala; NPG, nazio produktu gordina; PC, ordenagailu pertsonala; SMS, telefonoko mezu laburrak. ItzuL zerrendan, kontu hau ibilia da behin baino gehiagotan: 2000ko abenduan (BEZ / BEZ): http://tinyurl.com/6h5dgq; 2005eko abuztuan (“I+G-a” dela eta, Alfontso Mujika): http://tinyurl.com/57kz6r. Eta 2tzuL blogean bi artikulutan landu da gaia: Siglen deklinabidea (Irene Arrarats, 2008ko abenduan), eta Siglak irakurtzen, siglak deklinatzen (Alfontso Mujika, 2013ko urtarrila).