maiuskulak. EIMAren Letra larriak erabiltzeko irizpideak (Alfontso Mujika)
maiztasun 1 «(…) con la periodicidad necesaria para garantizar la eficacia del producto utilizado», euskaraz «produktua eraginkor izateko beharrezkoa den maiztasuna errespetatuz» aurkitu dugu. Egoki litzateke «produktua eragina izateko behar den bezain maiz»? 2 -ero. Ggoan izan okerrak direla «bi hilabetero» eta halakoak («bi hilabetean/hilabetetik/hilabetez» behin).
markak. Markei buruzko legeria. EHU/Justizia Saila. Hemen ikus daiteke lexikoa aparte (12.a).
marketin. Hiztegi Batuko hitza da (ez erabili *marketing, ez *merkatuteknia).
marko. Baina ez akordio-marko, baizik esparru-akordio.
mendetasun. Hona hemen 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran diren pertsonak zaintzeari buruzkoa. IZOren itzulpena (IVAPen webgunekoa da esteka).
mintzagaia 1 Posizioa eta puntuazioa. «Intsektu bektoreen kopurua murrizteko eta ziztada arriskua gutxitzeko ondorengo betebeharrak ezartzen dira». Koma behar da («honetarako eta honetarako, hau ezartzen da». Segidan datorren honetan, antzera, baina komarekin baino hobeto konpontzen dena ordena aldatuta: «Intsektuak hiltzeko baimendutako produktuak erabiltzea». Ez dira «intsektuak hiltzeko baimendutako produktuak», ezta? Konponbiderik onena ez da koma, egia esan: «baimendutako produktuak erabiltzea intsektuak hiltzeko», «produktu baimenduak erabiltzea intsektuak hiltzeko». 2 Testu hauetan, puntuazioa erabakigarria da (zeinu-tresneria urria dugu, eta gauza asko adierazi behar!). Mintzagaia komaz markatu behar da, eta haren esparruan ezin da besterik jarri. «Lehenbiziko galderan Ogasun eta Finantza Departamentuari galdetzen zaio ba ote dakien…». –> «Lehenbiziko galderan, Ogasun eta Finantza Departamentuari galdetzen zaio ba ote dakien…». 3 Mintzagaia eta galdegaia. Esaldi hau atera dut Justizia Administrazioaren jakinarazpen batetik: «Salatuak, epaiketan sortu diren kostuak ordaindu beharko ditu». Ez zait iruditzen salatua denik mintzagaia; aitzitik, kostuak izango da mintzagai, beti, era horretako testuetan: kostuak nork ordainduko ditu, kostuekin zer gertatuko da eta abar. Beraz, aipu dugun esaldi horren adierazpide normalak hauexek izan litezke: a) mintzagaia aurrean jarrita: «Epaiketan sortu diren kostuak salatuak ordaindu beharko ditu» (egia esan, nahasgarri samar gertatzen da “kostuak salatuak” hori). b) mintzagaia atzera eramanik: «Salatuak ordaindu beharko ditu epaiketan sortu diren kostuak». [2010eko otsaila]