Irratiko iragarki batean, aspali ez dela, honela zioten esaldi batean:
Alkohola edo drogen eraginpean gidatzen baduzu…
Bada (alde batera utziz gero alkoholaren droga-izaera), ulertzen zen mezua, baina esan beharra dago esaldiak gramatika-akats bat duela Euskaltzaindiaren 111. arauaren arabera (eta, nire uste apalean, hiztunen erabilera ohikoenaz ohartzea nahikoa dela akatsaz jabetzeko).
Honela dio arau horrek 5. puntuan:
5. Determinatzailea duten kasu-markarik gabeko izen sintagmak ezin junta daitezke kasu markadun sintagma batekin:
*Mendia eta itsasotik heldu da ura
*Adiskideak eta lagunez mintzatu zara
*Burua eta zangoei behatu nien
*Bihotza eta buruak horretaratzen nau(te)
*Gizon hau eta emakume hark esango dizute.
Alegia, horiek okerrak direla esatean (okerraren adierazgarri da * zeinua), esaten ari da zuzenak honako hauek direla: «menditik eta itsasotik», «adiskideez eta lagunez», «buruari eta zangoei», «bihotzak eta buruak», eta «gizon honek eta emakume hark».
Okerra nondik datorkeen argitzeko, esan dezagun 4. puntuan azaltzen duela nola pluraleko izenak juntatzean lehenbizikoaren atzizkia ezabatzeko aukera dagoen (kasu-markarekin batera, determinatzailea ere bai, nahitaez):
- “adiskideei eta lankideei kontatu diet” eta “adiskide eta lankideei kontatu diet” (ez “*adiskideak eta lagunei”)
- “meatzeetatik eta lantegietatik atera den oihua” eta “meatze eta lantegietatik atera den oihua” (ez *”meatzeak eta lantegietatik”
Hizpide dugun kasuan, «alkoholaren edo drogen eraginpean» behar du nahitaez; kontuan hartzeko moduko beste aukera «*alkohola edo drogen» ez baizik «alkohol edo drogen» da, baina kasu horretan biak pluralak direla ulertzen da: «alkoholen edo drogen».
Beraz, aukera bakarra: «alkoholaren edo drogen eraginpean». Normalean esaten duguna. Horixe!