Elhuyar dictionary/hiztegia argitaratu dute Elhuyar Fundazioak eta Elkar argitaletxeak, elkarlanean, eta 34.000 sarrera eta azpisarrera, 50.000 adiera eta 12.000 adibidetik gora jasotzen ditu. Euskararen, gaztelaniaren eta frantsesaren ondoren, euskal gizartearen ‘laugarren hizkuntza’ ingelesa dugula esan dezakegu, eta badakigu komunikazio-hizkuntza garrantzitsua dela gaur egun hainbat alorretan.
Horrenbestez, euskara-ingelesa hiztegiak ezinbesteko tresna dira, euskara eta ingelesa aurrez aurreko harremanean jarri nahi badira. Hiztegi honen bidez, Elhuyar Fundazioak eta Elkar argitaletxeak alor horretan dagoen aukera ugaritu eta hobetu nahi izan dute. Hiztegi hau tresna baliagarria da irakasle eta ikasleentzat, bai eta hizkuntzak lantzen edo hizkuntzekin lanean diharduten profesionalentzat ere.
Elixabete Etxeberria aritu da hiztegi honen zuzendari-lanetan, hiztegiaren diseinuaz Antton Gurrutxaga arduratu da, aholkulari eta zuzentzaile Antton Garikano eta Sarah J. Turtle izan dira, eta Irati Bereau, Aiora Jaka, eta Sahats Ugartetxea izan dira erredaktoreak.