Webean gero eta informazio gehiago dago eskuragarri. Hazkunde horren froga da azkeneko 30 urte hauetan aurreko 5.000 urteetan (zibilizazioaren historia osoa) baino informazio gehiago ekoiztu izana. Informazio hori, gainera, hainbat hizkuntzatan idatzia dago. Zoritxarrez, webean kontsultagai dagoen informazio guztiaren proportzio txiki bat soilik dago euskaraz (%0,01ra ez da iristen). Bestetik, euskaldun gehienok, elebidunak edo eleaniztunak garenez, informazioa bilatzen dugunean gaztelania, ingelesa edo frantsesa erabiltzera jotzen dugu hizkuntza handietan informazio gehiago dagoelako (ikusi 1. irudia)1, euskarazko edukiak zokoratuz. Euskara bezalako beste hizkuntza txiki batzuetan ere errepikatzen da fenomeno hori; elebidunak diren erabiltzaileek dakiten hizkuntza nagusia erabiltzen dute interneteko bilaketetan [1,2].
- http://w3techs.com/technologies/overview/content_language/all ↩