Ongi etorri Basque Researchen eraberritzearen topagunera.

BE-eraberritzenHamar urteko ibilbidearen ondoren, Basque Research proiektua eraberritzeari ekin dio Elhuyarrek helburutzat harturik Euskal I+G+B komunitatea indartzea eta bertako sorkuntza zientifiko-teknologikoaren nazioarteko presentzia sustatzea.

Eraberritze prozesua irekia izango da: bertako eta nazioarteko zientzia- eta teknologia-sistemako erabiltzaileen ekarpenak jasoko dira, eta modu jarraituan emango da aurrerapenen berri. Euskal I+G+B sarearen parte diren pertsonak integratzeaz gain, irekita dago ekarpenak egin nahi dituen ororentzat.

63787005_b34a97a5feLehenengo fasean diagnostiko lana egingo da. Horretarako, Basque Researchek 10 urtean jasotako datuen analisia, inkesta bidezko azterketa kuantitatiboa eta elkarrizketa kualitatiboak egingo dira. Izan ere, webgunetik haratago, euskal ikerketaren eta garapenaren komunitatea sendotzeko ekarpena egin nahi du Elhuyarrek.

Blog honetan prozesuan gertatzen diren aurrerapausoen berri emango da. Horrez gain, alde batetik, jasotako datu kuantitatiboak bilduko dira. Eta, bestetik, adituekin berariaz egindako bideo-elkarrizketen erakusleiho izango da. Iritzia jasotzeko baliabide ere izan nahi luke blogak.

Basque Researchek 10 urte

Basque Research proiektua euskal ikerketaren sarea indartzeko bokazioz jaio zen, 2002an; ikerketa-agenteen arteko topagune gisa, elkarren berri emateko eta bertako zein nazioarteko kazetariei zerbitzu emateko jaio zen. Hala, unibertsitateetako ikerketa-taldeak, zentro teknologikoak eta enpresen I+G unitateak garatuz eta indartuz joan diren heinean, Basque Research webgunea ere hazten joan da, eta euskal gizartean zientzia eta teknologiaren inguruko sarea osatuz joan ahala, webgunea ere sendotuz joan da.

Unibertsitateetako ikerketa-taldeek, zentro teknologikoek eta enpresen I+G unitateek kaleratutako albisteak herrialdean, estatuan eta munduan argitaratzen eta zabaltzen ditu Basque Researchek. Munduko herrialde guztietako 165.000 bisita inguru izaten ditu urtean. Informatzaile gisa, 350 eragile baino gehiago ditu erregistratuta, eta, harpidedunen artean, besteak beste, estatuko eta nazioarteko 200 kazetari baino gehiago ditu, bertako aurrerapen zientifiko eta teknologikoei adi. 2012an 525 albiste, 531 ekitaldiren berri eta 10 elkarrizketa argitaratu ziren www.basqueresearch.com webgunean, guztira, 1.066 eduki.