Elhuyar zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa kalean da. Urte luzez aritu dira lanean Euskal Herriko 200 aditu baino gehiago proiektu honetan, Antton Gurrutxagaren zuzendaritzapean. Elhuyar Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin argitaratu dugu, Euskadiko Kutxaren babesari esker, eta une honetan merkatuan dagoen mota honetako hiztegi bakarra da. Bihar, osteguna, aurkezpen-ekitaldia izango da Chillida-Leku museoan.
Hiztegi entziklopediko mardula da, 1.800 orrialdekoa. ”200 aditu baino gehiago horrelako proiektu batetarako biltzea ohore bat izan da guretzako, eta elkarlan hau bai proiektua berarentzat eta baita egileentzat oso aberasgarria izan da”, adierazi digu Antton Gurrutxagak.
Duela zortzi urte hasi zen Elhuyarko talde bat Elhuyar zientzia eta teknologiaren hiztegi entziklopedikoa lantzen, helburu zehatz batekin: “Zientzia eta teknologiari buruzko oinarrizko erreferentzia-informazio fidagarri, landu eta eguneratua eskaintzea, modu zehatz, argi eta ulergarrian, eta erabiltzaile-multzo zabala gogoan izanik”. Duela lau urte, proiektuak jada bazuen forma bat, eta zientzia eta teknologiaren 50 jakintza-arlotako adituak hasi ziren batzen proiektura, hasierako helburu harekin bat eginez.
Egileon ustean, helburu hori lortu da: hiztegiak biltzen dituen jakintza-arlo guztietako 23.000 kontzeptuetan zehar islatzen da hori. Gaien gaurkotasunari garrantzi berezia eman zaio, eta zientziari eta teknologiari buruzko informazio orokorra behar duen ororentzat da obra interesgarria: DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleak, kazetariak, gurasoak…
Proiektu honetan lanean aritu diren adituak arlo desberdinetako kontzeptuak hautatzen, haien definizioak osatzen eta artikulu entziklopedikoak sortzen ibili dira, besteak beste. Arlo horiek guztiak sei multzo handitan biltzen ditu hiztegi entziklopedikoak: zientzia zehatzak, materiaren eta energiaren zientziak, lurraren zientziak, biziaren eta osasunaren zientziak, teknologia eta, azkenik, orokorrak. Kontzeptuak lantzeko hainbat kontsulta-iturri erabili dira, euskarazkoak zein beste hizkuntzetakoak (nagusiki, ingelesezkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak).
Hiztegiaren ezaugarriak:
- 23.000 kontzeptu, beren definizioekin eta dagozkien erdal terminoekin (ingelesezkoa, gaztelaniazkoa eta frantsesezkoa).
- Erdara-euskara termino-zerrendak: ingelesa-euskara, gaztelania-euskara eta frantsesa-euskara
- 1.500 irudi
- 607 artikulu entziklopediko
- Zientzia zehatzak, materiaren eta energiaren zientziak, lurraren zientziak, biziaren eta osasunaren zientziak, teknologia eta orokorrak.
- CD-ROM euskarria liburuarekin batera
Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa erosteko Elhuyarren dendatik egin dezakezue %5eko deskontuarekin. Erosi aurretik entziklopediaren lagina ikusi nahi baduzue hemen duzue aukera.
Tags: entziklopedia, Hiztegigintza, teknologia, Terminologia, zientzia