Bere bi urteroko zitari hutsik egin gabe, aurten ere UEUk antolatu ohi duen Informatikari euskaldunen bilkura (IEB 2013) ospatu da Maiatzaren 8an Donostian. Ekitaldi honek, informatikaren munduan agertzen diren ekarpen eta fenomeno berriak komunitate euskaldunen ikuspuntutik aztertzea izan du helburu 1996. urtean lehen aldiz ospatu zenetik. Ordutik hona bi urtean behin informatikaren munduan gaurkotasun handiena izan duten gaiak landu dira bertan, beti ere euskararen presentzia azpimarratuz. Aurtengoan gai nagusitzat telefonia aukeratu da, azken aldian telefonoek Internetekin eta informatikarekin hartu duten olatua harrapatu nahian. Elhuyarreko hainbat lankide ere bertan izan ginen; alde batetik, gure ezagutzak bilkurara gerturatu zirenekin elkarbanatzeko, baina, batez ere, informatikaren alorrean puri-purian dagoen telefoniaren gaiaz gehiago jakiteko.

Edurne Martinez eta Itziar Cortés hizketan

Edurne Martínez eta Itziar Cortés hizketan.

Eguna jardunaldiaren aurkezpen azkar batekin hasi ostean, lehen hitzaldi saioa ireki zen. Bertan Edurne Martínez eta Itziar Cortések hartu zuten hitza, gailu mugikorretarako aplikazioen sorkuntzan izandako esperientziak besteokin partekatzeko. Elhuyarren bertan, hainbat produkturen euskarriak eguneratzeko eta egungo teknologietara moldatzeko beharra zela eta, produktu horiek merkatu berrietara egokitzeak eman dituen lanak eta horrelakoak garatzeko dauden aukerak azaldu zizkiguten. Alde batetik, zientzia.net moduko produktuek hartu duten itxura berriari buruz jardun ziren: webgunearen diseinua aldatzeaz gain mugikorretarako bertsio bat ere kaleratu baita. Hau, HTML5 teknologia erabiliz garatu da eta gailu mugikorretara egokitutako diseinu bat ere jarri zaio. Beste alde batetik, Elhuyar hiztegiak, Kxo! eta Xuxen aplikazioak nola garatu ziren ere jakin ahal izan genuen. Orokorrean, gailu mugikorretarako dauden programazio-aukerak deskribatu zituzten: modu natiboan programatzetik, web-teknologiak erabiliz programatzera. Bi horien arteko programazio-aukerez ere hitz egin zuten, hots, modu hibridoan programatzeaz.

Hurrengo hitzaldia Julen Ruizek eman zuen Mozilla Fundazioak sortutako FirefoxOS sistema eragile berriaren inguruan, “Firefox OS: weba da plataforma”. HTML5 teknologiarekin soilik funtzionatzen duen sistema eragile honek mugikorretan ere webaren irekitasuna bultzatzen du, gailu bakoitzarentzako aplikazio natiboen eta “lorategi itxien” ordez. Gaiaren berritasuna eta informatikarien artean horrelako gauzek pizten duten interesa kontuan izanik, hitzaldi hau izan zen arreta gehien erakarri zuenetako bat.

Jende anitz bildu zen Miramonen.

Jende anitz bildu zen Miramonen.

Ondoren, EHUko Aholab ikerketa-taldeko Igor Odriozolak “Ahots bidezko interfazeak telefono-sistemetan” izenburuko hitzaldia egin zuen. Ahots-teknologien historia eta egoera orokorra aurkezteaz gain, gaur egun euskararentzat dauden ahots-sintesi eta -ezagutza sistemen egoera aurkeztu zuen.

Jarraian, CICtourGUNE-ko Carlos Lamsfus-ek eta Saludnova-ko Miren Bagües-ek, telefono mugikorrak eta Internet konbinatuz, hurrenez hurren turismoan eta osasunean egon daitezkeen aplikazio interesgarriez aritu ziren. Goiza amaitzeko, “responsive design”, Guifi.net-en eta Android euskaratzearen inguruko aurkezpen labur bana egon ziren.

Arratsaldean enpresa edo erakunde ezberdinek beraien produktu, zerbitzu nahiz proiektu zehatzen aurkezpena egiteko tartea izan zen, bosna aurkezpeneko bi saio paralelotan. Aurkezpen horietako bi Elhuyarreko I+G taldeak egin zituen. Lehenengoan, Igor Leturiak Web-corpusen Ataria aurkeztu zuen berak, Iñaki San Vicentek, Iker Manterolak eta Antton Gurrutxagak osatutako lantaldearen izenean. Atariak eskaintzen dituen baliabideak eraikitzeko burututako lanak azaldu zituen Igorrek: Euskarazko 125 milioi hitzeko corpus bat, eta 18 milioi hitzeko euskara-gaztelania corpus paralelo bat automatikoki Internetetik lortzeko garatutako teknologia, eta euskarazko web-corpus horretatik hitzen konbinazioak automatikoki erauzteko egindako lanak. Halaber, hiru baliabideok gizartearen esku jartzen dituen Web-corpusen Ataria eta hark ematen dituen aukerak aurkeztu zituen.

Iker Manterola Hiztegien eleaniztunen ataria aurkezten.

Iker Manterola Hiztegi eleaniztunen ataria aurkezten.

Jarraian, Iker Manterolak pibotaje bidez sorturiko hiztegien ataria aurkeztu zuen “Hiztegien Ataria, pibotaje bidez sortutako hiztegiak” izenburupean, kasu honetan berak, Iñaki San Vicentek eta Xabier Saralegik osatutako lantaldearen izenean. Euskara barneratzen duten automatikoki sortutako bost hiztegi elebidun (euskara-alemana, euskara-txinera, euskara-swahili, euskara-arabiera eta euskara-hindi) biltzen dituen atariaz gain, hiztegi horien sorkuntza prozesua ere azaldu zuen Ikerrek. Atari honek (http://hiztegieleaniztunak.elhuyar.org/) hiztegi horien gaineko kontsultak egiteaz gain baliabide hauek deskargatzeko aukera ematen duela azaldu zuen.

Egun osoan zehar, informatika, gailu mugikorrak eta boladan dauden teknologiak izan genituen hizketagai; ezagutza eta esperientzia partekatzeko aukera ere izan genuen. Berriz ere, Informatikari Euskaldunen Bilkurak euskara eta teknologia elkartu ditu Miramonen, bertaratu direnen ezagutza zabaltzeko asmoz. Zorionak antolatzaileei, eta urte askotan jarrai dezala!

Itziar Cortés, Igor Leturia, Iker Manterola eta Edurne Martínez.

Estekak