Urriaren 25 eta 26an, Elhuyar I+Gko Iker Manterola Malagan izan zen, TURITEC 2012 kongresuan. Biltzar horren helburu nagusia turismoaren alorrean aplikatutako informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) ezagutza eta esperientziak elkarbanatzea da. Horretarako, aditu eta ikerlari ezberdinek turismoaren alorrean burututako ekarpen zientifiko-teknikoak aurkezten dituzte.
Aurten aurkeztutako lanetako bat gurea izan da (Manterola et al., 2012), “Extracción automática de fichas de recursos turísticos de la web” izenburupean egindako lana, hain zuzen ere. Bertan, “produktu esperientzialak” deiturikoak sortzeko behar diren oinarrizko baliabideak lortzeko metodologia bat aurkezten da, webetik abiatuta eta erabat automatikoa. Lan hori TourEXP (ETORGAI 2010-n lagundua) proiektuaren testuinguruan kokatzen da, proiektu horren lehen urratsetako bat lantzen duelarik. TourEXP proiektuak bi helburu nagusi ditu. Lehena, turismo-ekosistema digital eta eskalagarriak garatzea da, produktu eta zerbitzu turistikoak modu erangikor batean banatzeko. Bigarrena, “bideko B2B2C“1 motako banaketa sistema bat sortzea. Garatutako azpiegitura gai izango da bidaiariek beren bidaiaren edozein unetan izan ditzaketen eskaera aldakor eta bereziei erantzuteko. Helburu horien lorpenean, CICtourGUNE, Tecnalia, Eleka eta beste hainbat kidek osatutako kontsortzio batek dihardu lanean.
Biltzarra interesgarria izan da, turismoaren alorrean IKTen mundutik egiten ari diren ekarpenak sakonago ezagutzeko aukera izan baitugu. Ikuspegi hau oso baliagarria izango da etorkizuneko proiektuei begira, Hizkuntza Teknologiek zertan lagun dezaketen aztertzeko.
Turitec-en aurkeztutako lan gehienetan, nabarmena izan da IKTen erabilera gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari dela, eta, beraz, turismoaren alorreko baliabideen etorkizunean faktore erabakigarria dela. Hala ere, bi kezka edo behar nagusi azaleratu dira. Alde batetik, sistema ezberdinen arteko elkarreragingarritasunaren beharra azpimarratu da. Turismoaren alorrean aplikatzen diren sistema eta prozesuen artean informazio nahiz edukiak modu eraginkorrean trukatzea ezinbestekoa da, maila altuko emaitzak lortzeko. Bestetik, argi geratu da turismoaren arloan dihardutenen trebakuntza beharra, hizkuntza nahiz informazio eta komunikazio teknologietan. Ezagutza hainbat hizkuntzatan sakabanatuta egoteak turismoaren alorrean duen eragina ukaezina da. Hortaz, alor horretan ere, ezinbestekoa da eleaniztasunaren kudeaketa, Elhuyar I+Gk garatutako teknologia eta tresnak oso baliagarriak izanik.
Horrela, kongresuan zehar aurkezpen interesgarri ugari ikusi ahal izan ditugu. Adibidez, aipagarriak dira hoteletako bezeroek bertako langileen adeitasunaren trukean zenbat ordainduko luketen aztertzen zuen lana (Benítez et al., 2012) edota sare sozialetako adimen kolektiboa erabiliz turismoko albisteak garrantziaren arabera sailkatzeko gai den sistema (Astigarraga et al., 2012).
Bide batez, eta euripean izan bada ere, ordu batzuez behintzat Malagako kaleez gozatzeko aukera izan dugu. Nork esan behar zuen behingoz hegoaldera jaitsi eta hemen baino eguraldi okerragoa topatu behar genuenik…
Iker Manterola.
- B2B2C (business to business to consumer): B2B (business to business) eta B2C (‘business to consumer’) uztartzen dituen merkataritza elektroniko mota bat da. ↩
Tags: biltzarrak, Hizkuntza-teknologiak, I+G, TourExp, Turismo, Turitec