Tremédicak antolaturiko IV. Jardunaldi zientifiko eta profesionalak

2009ko urriaren 22tik 24ra bitartean, Tremédicak antolaturiko IV. Jardunaldi zientifiko eta profesionalak izan ziren Malagako unibertsitatean. Itzulpen mediko-zientifikoekin lan egiten duten profesionalentzat eta Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasleentzat izan ziren jardunaldiak.

Askotariko gaiak landu ziren arren, azpimarratzekoak dira itzulpen-merkatu berriei, etika eta kalitate profesionalari eta itzultzaile espezializatuak izateko trebakuntzari zegozkien aurkezpenak.

Garrantzi berezia eman zitzaion profesionalak etengabe trebatzeari eta birziklatze-ikastaroak egiteari, batez ere teknologia informatiko berriak eta bezeroen eskaerak kontuan hartuta. Era berean, itzulpengintzako eta osasun-arloko profesionalen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu zen, zenbait itzulpenetan bereziki (ikus-entzunezkoetan, adibidez).

Izan ere, arlo batzuetan eginiko itzulpenetan akats nabarmenak aurkitu izan dira, eta zenbait kasutan akats horiek itzulpenaren kalitateari baino eragiten ez dioten arren (“House” telesaila jarri zen adibide moduan), beste zenbaitetan lege-arazoak ekar ditzakete (adibidez, sendagaien prospektuetan akatsen bat eginez gero).

Labur azalduta, hauek izan ziren hizlariak eta bakoitzak egindako aurkezpenak:

1.- Vicent Montalt, Castellóko Jaume I Unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazioko irakasle titularra eta unibertsitate bereko Itzulpengintza Medikosanitarioko masterraren zuzendaria: «Aspectos retóricos de la traducción y redacción médicas». Itzulpengintza medikoan terminologiaz haratago joatearen garrantzia azpimarratu zuen, ezinbestekoa baita testuak, terminologia zaintzeaz gainera, irakurlean eragitea, ezagutza areagotzea eta tratamenduan parte hartzea.

2.- Yves Champolion, WordFasten sortzailea, itzultzailea eta Parisko ESITeko traduktologia-irakaslea: itzulpengintzaren egoera aztertu zuen garai bakoitzean, eta horretarako, Erdi Aroko itzulpengintza, 70eko hamarkadan egindako Bibliaren itzulpena eta abar landu zituen, gaur egungo mundu globalizatuko itzulpengintzara iritsi arte.

3.- M. Gonzalo Claros Díaz, Tremédicako lehendakaria, Malagako Unibertsitateko Biologia Molekularreko irakasle titularra eta testu zientifiko-medikoen itzultzaile eta zuzentzailea: itzulpen medikoetarako baliabideak aurkeztu zituen, Tremédicak dituen baliabideak oinarri hartuta, eta Panace@ aldizkariaren berri ere eman zen.

4.- Blanca Mayor Serrano, Itzulpengintza eta Interpretazioan doktorea, terminologia-ikertzailea eta Tremédicako kidea: «Revisión y corrección de textos médicos destinados a los pacientes… y algo más» lantegia. Dibulgazioko testu mediko-zientifikoak idazteak eta zuzentzeak dituen zailtasunei buruz aritu zen, eta erakunde publikoetako liburuxketan aurkitutako akatsak zuzentzeko ariketa bat proposatu zuen, guztian artean egiteko.

5.- Pablo Mugüerza Pecker, medikua, itzultzailea eta Tremédicako kidea: «Traducir un ensayo clínico: cuestión de protocolo» lantegia. Medikuntza-arloko testu espezializatuak itzultzean sortzen diren zailtasunen berri eman zuen, eta maila oneko itzulpen bat lortzeko estrategiarik egokienak zein diren aipatu zuen.

6.- Ana Belén Martínez López, Itzulpengintza eta Interpretazioan doktorea, Kordobako Unibertsitateko itzulpengitza-irakaslea eta itzulpengintza medikoko profesionala: «La traducción audiovisual de series de temática sanitaria: el caso de la serie House» lantegia. Ingelesetik gaztelaniara itzulitako lau kapitulu aztergai hartuta, telesail horretan egindako terminologia-akats batzuk aurkeztu zituen.

7.- M. Gonzalo Claros Díaz: «Biología, química, farmacia y medicina: toda la ciencia en una patente» lantegia. Patente zientifikoak itzultzeak duen konplexutasunaren berri eman zuen, eta testu berean terminologia-zehaztasuna, literaltasuna eta zenbait diziplinatako ezagutza zientifikoak bateratzearen garrantzia azpimarratu zuen.

8.- Isabel Jiménez Gutiérrez, Malagako Unibertsitateko itzulpengintza espezializatuko irakaslea: «La terminología anatómica en inglés, francés y español» lantegia. Nazioarteko anatomia-terminologia oinarri hartuta terminoak nola eman behar genituzkeen adierazi zuen. Terminologia normalizatzeko ahaleginaren eta osasun-profesionalen artean termino horiek modu jakin batean erabiltzeko joeraren arteko etengabeko eztabaida nabarmen geratu zen aurkezpenean.

9.- Esperanza Alarcón Navío, Granadako Unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazioko irakasle titularra: «La consulta a oftalmólogos en el marco de la traducción médica (francés-español): una experiencia didáctica». Granadako unibertsitatean egindako berrikuntza-proiektu baten emaitzak aurkeztu zituen. Proiektu horretan, itzulpengintza zientifikoko ikasleek zenbait zalantza bidali zizkieten adituei. Irakasleak ateratako ondorioek eztabaida piztu zuten parte-hartzaileen artean, batez ere itzultzaile zientifikoen trebakuntzari dagokionez.

10.- Emilio Ortega Arjonilla, Malagako Unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazioko irakasle titularra eta testu mediko eta juridikoen itzultzailea: itzultzaile profesionalentzat, irakasleentzat eta Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasleentzat erabilgarriak izan daitezkeen zenbait argitalpen berri aurkeztu zituen, eta arlo horietako itzulpenak egitean aldizkari espezializatuak kontsultatzearen garrantzia azpimarratu zuen.

11.- Emilio Ortega Arjonilla: «Límites y dificultades de la traducción editorial de textos especializados de medicina del francés al español». Frantsesetik gaztelaniara egin beharreko itzulpenetan itzultzaileak izan ditzakeen zailtasunen berri eman zuen.

12.- Gonzalo Claros eta Emilio Ortega, eta Luisa Fernández Sierra (itzultzaile autonomoa eta Tremédicako kidea): «Formación y práctica profesional de la traducción médica» mahai-ingurua. Itzulpengintzaren merkatuan gertatzen ari diren eta gertatuko diren aldaketak, itzultzailearen etika, itzultzaileak trebatzeko programak eta abar izan ziren eztabaidagai.

Tags: , , ,

Comments are closed.