Itzulpen automatikoari buruzko jardunaldiak Bartzelonan

Urriaren 17tik 18ra bitartean, itzulpen automatikoari buruzko jardunaldiak egin ziren Bartzelonan, Traducción automática: pasado, presente y futuro izenburupean. Jardunaldiak Proz.com itzulpen-webguneak antolatu zituen itzultzaileei begira —itzultzaile autonomoei begira, batik bat—, eta hizlari batzuek informazio teknikoa ere eman zuten arren, jardunaldiak ez zeuden teknikarientzat eta informatikarientzat pentsatuta.

Hizlari guztiek azpimarratu zuten familia bereko hizkuntzen artean edo asko landu diren hizkuntza-bikoteen artean (ingelesetik hizkuntza nagusi askotara) eta, batik bat, jakintza-arlo mugatuetan ematen dituela emaitzarik onenak itzulpen automatikoak.

Hori kontuan hartuta, beraz, euskara eta hizkuntza ‘txiki’ gehienak urruti daude oraindik itzulpen automatiko bidez itzulpen fidagarriak lortzeko helburutik, baina argi geratu zen baita ere itzulpen automatikoa etorri badatorrela, hementxe dagoela dagoeneko, eta itzultzaileok, haren beldur izan ordez, haren abantailak baliatu behar ditugula eta, horretarako, ikasi beharrekoak ikasi behar ditugula, gure lanari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko, kalitate aldetik nahiz irabazi ekonomikoen aldetik (garai batean, itzulpen-memoriekin lan egiten ikasi behar izan genuen bezalaxe).

Hementxe dituzue hizlari guztiak eta haien aurkezpenak:

  1. Diego Bartolomé: itzulpen automatikoko Ta with you enpresako teknikaria. Aliarse para ganar con la traducción automática izenburuko aurkezpenaren arabera (bloga ingelesez dago, baina estekan sartuz gero, Power Pointa gaztelaniaz dagoela ikusiko duzue), etorkizunean itzulpen klasikoa, itzulpen-memoriak, itzulpen automatikoa, postedizioa (zuzenketa) eta crowdsourcing-a uztartuko ditu itzultzailearen lanak.
  2. Marco Cevoli eta Sergio Alasia: Qabiria itzulpen- eta aholkularitza-enpresaren sortzaileak. Itzultzaileek itzulpen automatikoari buruz dituzten aurreiritzi asko albo batera utzi beharraz eta itzulpen automatikoak itzultzaileentzat dituen abantaila ekonomikoez aritu ziren, batik bat Machine translation and freelance translators: a difficult relationship. Hitzaldia gaztelaniaz eman zuten, baina testua ingelesez zuten idatzia (bide batez, aurkezpen ikusgarria egin zuten, Prezi izeneko programa baten bidez prestatutako hitzaldiarekin).
  3. José B. Mariño Acebal: Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Telekomunikazio Katedraduna eta TALP Center for Language and Speech Technologies and Applications ikerketa-zentroko ikertzailea. Hizketa-teknologia da Mariñoren ikerketa-esparrua, eta alor horretan itzulpen automatikoak duen garrantziaz aritu zen, besteak beste.
  4. Rubén de la Fuente: Itzultzaile teknikoa eta itzulpen-irakaslea Alfonso X unibertsitatean. Bi hitzaldi eman zituen jardunaldietan: lehenengoa, larunbatean, Taller de traducción automática: Comparativa de sistemas de TA izenburupean. Hainbat sistema konparatu zituen eta, azkenik, ondorioa: itzultzaileon lanbidearen etorkizuna itzulpen automatikoa, itzulpen-memoriak eta datu-base terminologikoak uztartzea izango omen da. Igandean, berriz, itzulpen-tresnez aritu zen Translation environment tools, TEnT, eta hainbat sistema konparatu zituen.
  5. Xosé Castro: Itzultzaile eta zuzentzailea eta itzulpen- eta zuzenketa-irakaslea; hizkuntzalaritzari eta itzulpengintzari buruzko hainbat liburutan parte hartu du, eta Cervantes institutuko zentro birtualeko kolaboratzailea da. Itzultzaileek Word testu-prozesatzailearen baliabide guztiak erabiltzen jakin beharko genukeela defendatu zuen, eta programa hori menderatzeko hainbat argibide praktiko eman zituen.

Igande arratsaldean, Trados 2009 bertsioa aurkeztu zuten eta, azkenik, jardunaldietan parte hartu zuten hizlari guztien arteko mahai-inguruarekin amaitu zen lan-saioa.

Idoia Santamaria

One Response to “Itzulpen automatikoari buruzko jardunaldiak Bartzelonan”

  1. Marco Cevoli(e)k dio:

    Hola, muchas gracias por la reseña y por el comentario positivo (siempre que Google Translate haya traducido correctamente). Me permito señalar el enlace correcto para visualizar nuestra presentación: http://www.qabiria.com/es/recursos-mainmenu-29/articulos/203-mt-e-traduttori-freelance-rapporto-difficile.html. Eso sí: la presentación está en inglés.
    Un saludo y gracias
    Marco