Perpaus nagusia subjekturik gabe?

Perpaus nagusi batek eta haren mendekoak subjektu bera dutenean, zenbaitetan ez dugu jakiten bi perpausetatik zeinetan agerrarazi subjektu hori eta zeinetan isildu (ez baitugu errepikatzen). Erregimen desberdinekoak badira perpaus nagusiko aditza eta mendekoa, komunztadurari eragiten dio gorabehera horrek; erregimen berekoak badira, berriz, hurrenkerari eta puntuazioari.

Zenbait adibideren bitartez, ikusiko dugu halakoetan perpaus nagusian eman behar dela subjektua, ez mendekoan, eta horrek zer isla duen komunztaduran, puntuazioan eta esaldiko osagaien hurrenkeran.

Berriki itzulpen-lantegi batean agertutako bi kasu iruzkinduko ditugu lehenik; gero, duela hilabete batzuk irratian entzundako iragarki bat; eta, azkenik, han eta hemen jasotako adibide batzuk.

(1)

a) Ezinbestekoa da pertsona hori eserita dagoela garbiketarako tresnak eta txorrotak eskura izatea.

b) Ezinbestekoa da pertsona horrek, eserita dagoenean, eskura izatea garbiketarako tresnak eta txorrotak.

Esaldi horretan, a) aukeran, “pertsona hori” subjektuak komunztadura egiten du “eserita egon” aditzarekin, baina aditz hori mendeko perpausarena da (mendekoaren mendekoarena, kasu horretan); gero, aditz nagusiagoarekin komunztatu gabe gelditzen da (“pertsona hori… eskura izatea”), eta, halatan, aditz hori subjekturik ez balu bezala gelditzen da (hutsunea sentitzen da). Arazoa konponduta dago b) aukeran: “pertsona horrek eskura izatea” da perpausa, haren mendekoa komaz zedarriturik dago (“eserita dagoenean”), eta mendekoan subjektua isildurik (kasu horretan, mendekoan, ez da hutsunerik sentitzen).

Ikus dezagun beste adibide bat:

(2)

a) Txartel horiek behar bezala funtzionatzeko, eten-linea bat eta DMA kanal bat libre edukitzea eskatzen dute.

b) Txartel horiek, behar bezala funtzionatzeko, eten-linea bat eta DMA kanal bat libre edukitzea eskatzen dute.

c) Behar bezala funtzionatzeko, eten-linea bat eta DMA kanal bat libre edukitzea eskatzen dute txartel horiek.

Letra lodiz markatu dugu zer aditzekin egiten duen subjektuak komunztadura. Kasu honetan, ez dago komunztadura-arazorik: ergatiboa eskatzen dute funtzionatu aditzak nahiz eskatu aditzak, eta ergatiboan dago “txartel horiek”. Baina, hala ere, desegoki gertatzen da a). Zergatik? Bada, perpaus nagusia subjekturik gabe utzi dugulako: “ez dakit zer eskatzen dute (nork, nortzuek, zerk?)“. Jar dezagun subjektua perpaus nagusiarekin, eta mendekoa komaz mugatu; perpaus nagusiaren erdian uzten badugu mendekoa, tarteki gisa geldituko da (b aukera). Gauza jakina da hurrenkera hori ez zaigula beti egokiena irudituko, eta perpaus nagusiaren aditzaren ondora ekarriko dugula subjektua (c aukera).

Bi adibide horiek itzulpen-lantegi batean gertatuak dira. Orain datorrena, berriz, irratian entzundako iragarki bat da. Aurrekoekin alderatzeko modukoa, dudarik gabe.

(3)

a) Gero eta jende gehiagok sentitzen duena argi adierazten du.

Mezu hori entzutean, ez zen etenik sumatzen. Halatan, “gero eta jende gehiagok sentitzen duena” aditzen zen lehenik, eta gero zerbaiten falta sumatzen zen. Esate baterako (badakigu ez zela halakorik esan nahi baina), perpaus hori buka zitekeen honela, beste subjektu batekin (aparteko zenbaki bat jarriko diogu, 4):

(4)

Gero eta jende gehiagok sentitzen duena argi adierazten du inkestak.

Zer arazo du, eta zer konponbide, (3a) esaldiak? Lehenik, beharbada, koma jartzea (eta intonazioan etena egitea) pentsa lezake inork; hartara, saihestu egingo genuke lehen esan dugun bezala “gero eta jende gehiagok sentitzen duena” aditzea.

(3)

b) Gero eta jende gehiagok, sentitzen duena argi adierazten du.

Baina, dakigunez, ez dira koma bakar batez bereizi behar subjektua eta predikatua (ez da inoiz hautsi ezineko araua, baina arau onartua da, euskaraz ez ezik, gaztelaniaz ere). Koma jartzen hasiz gero, bi behar dira (1b) eta (2b) adibideetan bezala. Baina oraingo adibide honetan ez daukagu bi koma jarri eta tartekia egiterik ere.

Hurrenkerari erreparatzeak emango digu konponbidea: aski da subjektua, “gero eta jende gehiagok”, perpaus nagusiari lotzea (“garbi adierazten du”); mendekoa, “sentitzen duena” egon dadila mendean!

(3)

c) Gero eta jende gehiagok argi adierazten du sentitzen duena.

Mendekoaren subjektua -perpaus nagusiaren subjektu bera- isildu egiten da, eta hori mendekoan gertatzen denean ez dugu hutsunerik sentitzen.

Gero eta jende gehiagok argi adierazten du (berak) sentitzen duena.

Perpaus nagusiari dagokionez, bestelako enfasi-ukitu eta egokitzapenen batzuk egin daitezke, baina dagoeneko konponduta daukagu arazo nagusia.

d) Gero eta jende gehiagok adierazten du argi sentitzen duena.

e) Gero eta jende gehiagok adierazten du argi zer sentitzen duen.

f) Sentitzen duena argi adierazten du gero eta jende gehiagok.

Hona beste noizbait eta nonbait jasotako adibide batzuk.

(5)

a) Irungo eta Hondarribiko udalei dagokien zenbatekoa ordainketa bakar batean kitatuko dute.

b) Irungo eta Hondarribiko udalek ordainketa bakar batean kitatuko dute dagokien zenbatekoa.

Subjektuari ez dagokio kasu bera perpaus nagusian eta mendekoan (gauza bera gertatzen zen 1. adibidean; 2. eta 3. adibideetan, berriz, kasua ez zen aldatzen). Halakoetan nabarmenago ikusten da arazoa, eta beharbada are nabarmenago nori kasuarekin nor edo nork kasuarekin baino; hutsune nabarmena sentitzen da “kitatuko dute” perpausean, zenbateko hori nork ordaindu behar ote duen galdetzerainokoa (eta esaldia ez ulertzerainokoa).

(6)

a) Gasteizen euria egiten duenean, polita egoten da.

b) Gasteiz, euria egiten duenean, polita egoten da.

c) Gasteiz polita egoten da euria egiten duenean.

Mendeko perpausean tokizko kasu batean ageri da, a) aukeran, perpaus nagusiaren subjektu den elementua (Gasteiz). Ezin esan, beraz, mendekoaren subjektu denik ere (bai, ordea, mintzagai). Esaldia, ulertu, ulertzen da, baina beldur handirik gabe esan daiteke b) eta c) aukerak egokiagoak direla.

(7)

a) SMSa bidali ondoren, erabiltzaileak kamiseta non jaso behar duen jakin nahi badu, 1717ra deitu, Euskaltelen webgunean begiratu edo Euskaltelen saltokietara jo dezake.

b) SMSa bidali ondoren, erabiltzaileak, kamiseta non jaso behar duen jakin nahi badu, 1717ra deitu, Euskaltelen webgunean begiratu edo Euskaltelen saltokietara jo dezake.

c) SMSa bidali ondoren, kamiseta non jaso (behar duen) jakiteko, 1717ra deitu, Euskaltelen webgunean begiratu edo Euskaltelen saltokietara jo dezake erabiltzaileak.

Berriz ere, subjektua kasu berean doa mendeko perpausean eta perpaus nagusian, eta, beraz, puntuazioaren bitartez egiten da moldaketa -b) aukeran-, edo hurrenkera aldatuz -c) aukeran-. Aukera bakoitzak baditu bere on-gaitzak, seguruenik, eta kasuan-kasuan aztertu behar da zein den onena. Esaterako, esan liteke b) esaldian eten gehiegi dagoela, eta c) esaldian, berriz, atzeregi dagoela subjektua, bere aditzaren ondoan egonagatik (arazo hori ez da larria kasu honetan, gure ustez, esaldi inpertsonaltzat harturik ere berdin uler litekeelako esaldia, irakurri ahala, “hau egin daiteke” esaten ari bagina bezala).

(8)

a) Gogora dezagun funtzio bat puntu batean analitikoa izateko puntuan bertan deribagarria izateaz gain, puntuan zentratutako zirkulu irekiren batean ere deribagarria izan behar dela.

b) Gogora dezagun funtzio batek, puntu batean analitikoa izateko, puntuan bertan deribagarria izateaz gain, puntuan zentratutako zirkulu irekiren batean ere deribagarria izan behar duela.

c) Gogora dezagun ezen, puntu batean analitikoa izango bada, funtzio batek, puntuan bertan deribagarria izateaz gain, puntuan zentratutako zirkulu irekiren batean ere deribagarria izan behar duela.

d) Gogora dezagun ezen, puntu batean analitikoa izango bada, funtzio batek, puntuan bertan deribagarria izateaz gain, deribagarria izan behar duela puntuan zentratutako zirkulu irekiren batean ere.

Esaldi etenegiaren kezka sor dezake berriz ere b) aukerak (hala ere, gure iritziz, koma biren arteko tartekiak hobeki prozesatzen dira sarritan koma bakar herrenak baino). Subjektua bere aditzetik ez hain urruti egotea lortzen dugu c) esaldian, mendekoetako bat aurretik emanez, eta d) aukeran are gehiago hurbiltzea, konpletiboaren barruko hurrenkera ere aldatuz.

(9)

a) Hortaz, funtzio bat puntu batean analitikoa bada, puntu berean deribagarria izango da.

b) Hortaz, funtzio bat, puntu batean analitikoa bada, puntu berean deribagarria izango da.

c) Hortaz, puntu batean analitikoa den funtzio oro deribagarria izango da puntu berean.

Berriz ere, ia oharkabean pasatzen den adibide bat (aditz bera dute bi perpausek -izan- kasu bera dagokio subjektuari (nor-zer)… Moldaketak koma bat jartzea baino ez du eskatzen, eta kasu honetan beste egitura baten aukera ere ikusten da -c) aukera, mendeko perpausa erlatibo bihurtzea-.

Amaitzeko, testu hau idatzi duenari berari duela egun batzuk gertatutako kasu bat: posta elektronikozko mezu batean, a) esaldia idatzi eta bidali zuen. Biharamunean, esaldia berriz ikustean, ohartu zen b) aukera zegokiola, edo aurrerago ikusiko dugun c) aukera, adibidez.

(10)

a) Euskarazko testua gorri ilunez dagoenean, “testu berria” da.

b) Euskarazko testua, gorri ilunez dagoenean, “testu berria” da.

Garbi dago “euskarazko testua gorri ilunez dagoenean” batera pentsatu zela hori idaztean, eta b) esaldiko etena ez zegoela idazlearen buruan. Hala ere, esaldia biribiltzean eta testu hori berrirakurri eta egokitzean, gauzak hobeki lotu behar dira. Egia esan, koma jartzea ez da aukera bakarra, eta beste hau ere egin liteke, kasu konkretu honetan behintzat:

c) Euskarazko testua gorri ilunez dagoenean, testu hori “berria” da.

Prozedura hori, perpaus nagusia subjektuduna izango dela ziurtatzen diguna, ez litzateke batere harritzekoa hizketan ere.

 

Tags: , , ,

One Response to “Perpaus nagusia subjekturik gabe?”

  1. [...] pare bat urte argitaratu nuen testu hau Elhuyar Hikzuntza Zerbitzuen Ber2a blogean. Ia ahaztu ere egina nuen, baina tartean-tartean adibideren bat aurkitzen da han edo hemen, [...]