Txema Pitarke ikertzailea nanoGUNEko zuzendari nagusia da eta Elhuyarreko lehendakaria

“Ikertzaile baten Basque Researchekiko interesa kolektiboa da batez ere”, azaldu digu Txema Pitarkek berekin elkartu garenean. “Euskal Herria munduko tokia da non gauza interesgarriak egiten baitira zientzian, eta hori onuragarria da herriarentzat”.

[youtube http://www.youtube.com/watch?v=xUf-q7GICS0&w=560&h=315]

“Bai ikertzaile gisa eta bai kudeatzaile gisa, garrantzitsua da inguruan egiten den ikerketaren berri izatea”. Hartara, oso ondo baloratzen du Pitarkek Euskal Herrian egiten den ikerketa guztiaren bilgune bat izatea; oso interesgarria iruditzen zaio, orobat, prentsa orokorrak erreferentzia gisa hartzea halako plataforma bat, zaila iruditzen bazaio ere. Eta benetan garrantzitsua iruditzen zaio euskal ikerketa- eta zientzia-sorkuntza nazioarteratzea.

“Maila praktikoan, nanoGUNEra puntako ikertzaileak erakarri nahi baldin baditugu, interesatzen zaigu ikertzaile horiek Euskal Herriko zientziari buruzko pertzepzio ona izatea; eta Basque Research-en bidez marka hori eraikitzea lortzen da”.

Eraberritze-prozesuari buruz hitz egin dugunean, berriz, Basque Researchen aitzindaritza nabarmendu du Pitarkek. 2002an Basque Research martxan jarri zenetik gaur arte, bidean beste askoren erreferente eta eredu izan da, eta, aurrerantzean ere, gauza berriak sortzen eta asmatzen ikusi du erronka nanoGUNEko zuzendari eta Elhuyarreko lehendakariak.