Basque Research proiektuak 8.000 albiste eta ekitaldi baino gehiago bildu eta zabaldu ditu hamar urte hauetan; ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu zabalean ere. Ikerketa eta garapenerako sareak sortzea izan da Basque Researchen lehentasuna hasiera-hasieratik. Horretarako, hitzarmenak dauzka sinatuta Alphagalileo, Cordis Wire, Eurekalert! eta SINC plataformekin.

nazioarteko-sareaNazioarteko sare horri esker, Euskal Herrian egiten den ikerketari buruzko albisteak komunikabide entzutetsu askotan agertu dira: The Times, New Scientist, BBC, Discovery Channel, National Geographic, CNN, Science Daily

Europako ikerketa biltzen duen Alphagalileo eta Europako Cordis Wire webguneekin 2003az geroztik ditugu lankidetzak. Gainera, Alphagalileoko Zuzendaritza Batzordeko kideak gara eta Euskal Herriko ordezkariak.

Era berean, Basque Researchen argitaratutako albisteak Eurekalert! webgunean ere zabaltzen dira, 2004an sinatutako hitzarmen bati esker. Science aldizkari ospetsua editatzen duen taldearen webgunea da Eurekalert!, hau da, American Association for the Advancement of Science (AAAS) erakundearena.

SINC plataforma FECYTek (Espainiako Zientzia eta Teknologiaren Fundazioak) sortu zuen 2008an, eta Basque Research bera ere egon zen SINCen sorrerarako aholkularitza-taldean. Plataforma horretan Espainian egiten den ikerketari buruzko albisteak argitaratzen dituzte, komunikabideen bidez publiko guztiari helarazteko. Espainian zientziari buruzko informazio-iturri gisa lider izatea du helburu.

Duela hamarkada bat ezarritako helburuaren ildo beretik, erreminta eroso eta azkarra izaten jarraitu nahi du Basque Research webguneak, Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri jakin nahi duenarentzat edo ikerketa zabaldu nahi dutenentzat.